Lagun hori:
Badakizunez, Emakunde gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna eremu guztietan lortzeko erakunde publikoa da. Gure jardunak bi ardatz ditu: berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatzea, batetik, eta gizartea bere osotasunean sentsibilizatzea, bestetik.
Testuinguru honetan, Emakundek “NARO: Berdintasunerako Gunea” izeneko topaketa martxan jartzea erabaki zuen, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeen, taldeen eta elkarteen lana biltzeko, ikustarazteko eta indartzeko. NARO Berdintasunerako Gunea erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako ekimenak koka ditzaten gune aberats, emankor eta naroa izan nahi du.
Berdintasunerako gunea 2004, 2005, 2006 eta 2007an egin da, geroz eta arrakasta handiagoa izanez (http://www.naro-emakunde.com). Zuen lana ezagututa, Naro 2008 edizioan emakume eta gizonen berdintasunerako ekimenen bat antolatzera gonbidatzen zaituztegu.
NARO 2008 maiatzaren 12tik 31ra bitartean egingo da. Erakunde bakoitzak bere ekimenaren ardura osoa izango du: edukia, antolamendua (aretoa, ordutegia, hizlariak, deialdia, e.a.) eta ordainketa. Emakundek, berriz, honako material hauek prestatu, argitaratu eta parte hartzen duten erakundeei helaraziko die: egitaraua, kartelak eta karpetak. Bestalde eta paraleloki, NARO 2008 eta bertan egingo diren ekintzak hedatu eta ikustarazteko komunikazio mailan lana egingo dugu.
Zure elkarte edo erakundea berdintasunerako gune honetan parte hartzea nahiko genuke. Horretarako, pentsatuta daukazuen ekitaldiren bat (jardunaldiak, mahai-inguruak, mintegiak, hitzaldiak, esperientzien aurkezpena, e.a.) marko honetan antolatzera gonbidatzen zaitugu. Horretarako honekin batera doakizuen izen emate orria bete eta bidali behar diguzue.
Gure aldetik, 2008ko Naro honetan, Eusko Jaurlaritzaren martxan dituen beste ekimenekin bat etortzeko, gizonen partaidetza eta lana bereziki bultzatu nahi duten ekintzak antolatzera animatzen zaituztegu. Eta hau egongo diren sei arlo ezberdinetan:
· Sentsibilizazioa eta pentsamolde aldaketa
· Emakumeen aurkako indarkeria
· Hezkidetza
· Ekonomia eta enplegua
· Osasuna
· Jabekuntza eta gizarte partaidetza
Ekimen hau zure interesekoa izango delakoan eta topa-gune honetan, ordezkatzen duzun elkarteak parte hartuko duelakoan, agur.
Vitoria-Gasteiz, 2007eko abenduaren 20a
Miren Arantza Madariaga
IDAZKARI NAGUSIA
Legezko informazioa